Viktoria Eugeniako Klub Aretoan egin dute prentsaurrekoa. (Argazkia: E. Zabala)
Eskalada, elurretako eta mendiko kirolak, surfa eta skateboarda izango dira ikus-entzunezkoetako protagonistak, besteak beste.
Savage Cinema izeneko sail berria sortu du Zinemaldiak Red Bull Media House etxearen laguntzarekin. Zinemaldian iaz egindako Big Friday ekimenak ikusleen artean arrakasta handia izan zuela ikusita, eta aurkeztutako lanen kalitatea kontuan izanda hartu dute erabakia. Ekimen honi esker, abenturazko eta akzio kirolei buruzko zinemarik onena Donostian ikusteko aukera izango dela espero dute. Guztiaren berri zehatza emateko, prentsaurrekoa egin dute gaur goizean, eta bertan izan dira, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria, Sancho Rodriguez sail berriaren koordinatzailea, eta Red Bull Media House ekoiztetxeko Phillip Manderla eta Sophokles Tasioulis.
Azken batean, sail berria abentura eta akzio kirolei buruzko ekoizpen onenak aurkezteko plataforma egokia izango dela espero dute. Hala, nazioarteko lan onenak hirira ekartzeaz gain, bertako ekoizpenak mundura zabaltzeko tresna ere izango dela zehaztu dute. Belodromoan eta hiriko beste hainbat aretotan eskainiko dituzte proiekzioak, eta filmeetako protagonistak eta zuzendariak bertan izango dira. Red Bull Media Houseko Tasioulisen hitzetan, helburua garbia da; “Bi helburu nagusi ditu ekimenak, ahalik eta jende gehiagori ezagutaraztea egiten den lana, eta zinemagileei aukera bat ematea euren lanak aurkezteko”. Eskalada, elurretako eta mendiko kirolak, surfa eta skateboarda izango dira ikus-entzunezkoetako protagonistak, besteak beste.