Manu Narvaez saria jasotzen Almudena Fernandezen eskutik. (Argazkia: Donostia Turismo)
Bartzelona, Madril edo Sevillaren aurretik geratu da Donostia; nazioartean New York izan da garaile.
Conde Nast Traveller bidaia aldizkariko 2013ko Golden List zerrendan Donostia izendatu dute Espainiako hiri turistiko onena. Saria apirilaren 25ean eman zuten ezagutzera, Madrilen ospatutako ekitaldian eta Donostia Turismoko zuzendari Manu Narvaezek jaso zuen.
Aldizkari estatubatuarrak, hainbat herrialdetan edizioak ditu. Bidaietan eta turismoan espezializatutako aldizkaria da hain zuzen, eta urtero haren irakurleek mundu osoko hotel, norako eta bestelako baliabide turistiko onenak aukeratzen dituzte. Hala, Urrezko Zerrenda osatzen dute; mundu mailan ospe handiko erreferentea da bidaiari eta turistentzat.
Aurten, irakurleek Donostia izendatu dute Espainiako hiri onena. Bost hiri izan dira finalista: Donostia, Bartzelona, Madril, Sevilla eta Santiago de Compostela. Nazioartean, New York izan da garaile.
Kontxako badia edo Zinemaldia aipatu zituzten, eta nola ez gastronomia ere: “Kontxako badia ikusgarria da, Donostiako ezaugarri xarmangarrienetako bat. Honekin batera, gastronomia –Parte Zaharreko kale eta plaza artean dena–, eta munduko zinema jaialdi nagusienetako baten egoitza izateak ematen duen izaera kosmopolita nabarmendu behar dira”.
Mari Cristina hotela, finalista
Maria Cristina Hotela ere finalista izan da Espainiako hotel onenen kategorian. Honela, munduko turismoko Urrezko Zerrendan Donostiaren presentzia bikoitza izan da.
Almudena Fernandez modeloak eman zion saria Narvaezi, beste kategoriatako sariekin batera.