Pertsona batek bere buruaz beste egin du Eskalantegi kalean
Pertsona batek bere buruaz beste egin du Eskalantegi kalean, Pasaia eta Donostia arteko mugan. Ertzaintzak berretsi du gertaera, baina ez du datu gehiagorik eman, halako kasuetan jarraitzen duen protokoloa dela eta.
Bizilagunen arabera, gertaera goizeko 6.15ak aldera izan da, Eskalantegi kalearen hasieran, Txoko pasaitarra tabernaren ondoan. Ertzaintza eta Udaltzaingoa izan dira bertan, eta autoen zirkulazioa eten dute, bai Eskalantegin eta baita ondoko kaleetan ere. Garajea bertan duten auzotarrei bakarrik utzi diete autoa hartzen; hain zuzen ere, lanera joateko mugimendua zegoen ordu horretan. Hilotza 7:50ean eraman dute, eta Eskalantegi eta inguruko kaleak normaltasunera itzuli dira zirkulazioari dagokionez.
Bizilagunek ezer gutxi dakite gertatutakoaz. Mariasun Murgiondo auzotarra txakurra ateratzen ari zen Ertzaintza eta Udaltzaingoa lekuan bertan ikusi dituenean. “40 bat urteko emakume bat zela esan du jendeak, eta bosgarren pisutik bota dela. Oso aldarte txarrarekin geratu gara”, azaldu dio Irutxuloko Hitzari.


