Ingelesen hilerriko proiektuaren aurkezpena. (Argazkia: K. M.)
Udalak eta Aranzadik elkarlanean egingo dute; egitasmoa gazteekin egingo dute, hiriaren suntsitzearen bigarren mendeurrenaren inguruan.
Urgull mendiko Ingelesen Hilerrian berreskurapen arkeologiko eta antropologikorako ekimen bat aurkeztu dute gaur. Hain zuzen ere, hiriaren erretze eta suntsitzearen bigarren mendeurrena gogoratzeko ekimenen barruan dago egitasmoa. Helburua, interes arkeologikotik harago, ezagutza eta memorian oinarritu dute. Izan ere, gazteek historia ezagutu, ikertu eta lantzeko aukera modura.
Aranzadi Zientzia Elkarteak gidatuko du proiektua, eta 17-18 urte bitarteko 30 gazte arituko dira auzolanean. Proiektua ekainaren 3 eta 21 artean egingo dute. Batetik, hilobiak garbitu eta zaharberrituko dituzte, eta bestetik, hilerrian lurperatutako hobi komun bat irekiko dute. Juan Karlos Izagirre alkateak esan du “balitekeela”, bertan 1813ko gorpuren bat izatea. Hala ere, azpimarratu du, hori bera ez dela proiektuaren garrantzitsuena.
Aranzadiko kide Paco Etxeberriaren iritziz ere, ekimenaren helburuak ez dira soilik arkeologikoak: “honekin ez ditugu gerraren balio epikoak goraipatu nahi, baizik eta, biktimak gogoratu, eta ezagutarazi orduan ere nola egin zuten aurrera”, esan du.
Gazteak, ikastetxe eta gazte bulegoetan izen eman ostean, zozketa bidez hautatuko dituztela ere jakinarazi dute.
Ura, bigarren mendeurrenerako
Bestalde, azaldu dute, proiektua Altzolako Ura komerzializatzen duen Balenzategi enpresarekin elkarlanean aurrera atera ahal izan dutela. Hala, hurrengo hilabeteetan, enpresa honek, Donostiako bi irudi dituen etiketadun edizio berezi bat aterako du. Eskuragai izango dira, taberna, jatetxe zein supermerkatu eta dendetan.