Jendetza bildu da La Herrera eta Morlanseko etxebizitzen zozketan
85 etxebizitza zozkatu dituzte 20.000 inguru eskaeren artean; 500 bat lagun bildu dira Atano III pilotalekuan.
Donostiako Etxegintzako Administrazio Kontseiluak Herrera 3ko eta Morlans 3ko Babes Ofizialeko Etxebizitzak zozkatu ditu gaur. Atano III pilotalekuan egin dute zozka. Eskaeren kopurua handia da, 20.000 ingurukoa; eta pilotalekura ere jendetza inguratu da, 500 bat lagun inguru.
Guztira, 85 etxebizitza zozkatu dituzte: 24 La Herreran, erosketarako, eta 61 Morlasen alokairuan. Horien artean, Donostian lehenengo aldiz, eskari gehiago zeuden alokairurako, erosketarako baino.
Bertaratutakoen artean ez da sumatu etxebizitza egokitu zaion inoren poza. Zozketak aurrera egin ahala pilotalekua hustutzen joan da, jada aukera galdutakoak “penaz” irteten ziren artean; “ilusio eta esperantza handia genuen jarrita, nahiz eta jakin zaila izango zela”, esan du La Herrerarako eskaria egin duen andre batek. Beste bikote gazte batek azaldu du “lehen aldia zela” halako zozketa batean izen ematen zutena; alokairuan egina zuten eskaria Morlansen, eta “pena bat” dela ez tokatu izana.
Loteria ontzien sistema
Eskaria egindakoek zenbaki bat zuten egokituta, eta Donostian lehenengo aldiz, loteria ontzien sistema erabili dute. Lehenengo, erosketarako aukera duten La Herrera 3ko etxebizitzak zozkatu dituzte eta ondoren Morlansekoak. Atalka egin dituzte zozketak: mugikortasun urria dutenena, banakakoena, binaka eskatutakoena eta kupo orokorrekoena azkenik.
Bitan, zenbakien bolak erori dira lurrera, eta jendeak “tongo!” eta halakoak oihukatu ditu, baina zozketa okertzat eman eta errepikatu egin dute.
Emaitzak udalaren webgunean jarriko dituzte ikusgai. Etxebizitzei dagokionez, Morlans ia bukatuta dago eta ekainerako eman ahal izatea aurreikusten dute, La Herreran oraindik eraikitzeko daude.