Why Not Radio irratia abian jarri dute
Urritasun psikikoak dituzten pertsonen artean egiten dute Why Not Radio irratia. Orain arte grabaketak egiten aritu dira, baina gaurtik aurrera on-line entzuteko aukera izango da Fundacionwhynot.org webgunearen bitartez.
Why Not fundazioak urteak daramatza buruko gaixotasunak edo urritasun psikikoak dituzten pertsonekin lanean. Izan ere, urritasun psikikoena ezkutuan edo deskonfiantza puntu batez jorratzen den gaia da gaur egun oraindik. Jendarteko aurreiritzi, beldur edo ezjakintasun horiek gainditu eta buruko urritasunak dituzten pertsonengana hurbiltzea da Why Not elkartearen helburua.
Horretarako, hainbat ekimen antolatzen dituzte, solasaldiak, tailerrak, txangoak, animaliekin terapiak…Eta orain, Why Not Radio irratiarekin ausartu dira.
Gipuzkoako hainbat zentrorekin elkarlanean aritzen da Why Not elkartea. Batzuk ospitaleak dira eta beste batzuk eguneko zentroak, baina guztietan buruko urritasunak dituzten pertsonak biltzen dira. Silvina Guglielmotti Why Not elkarteko kidea da Why Not Radio irratiko zuzendaria. Batetik bestera ibili da orain arte irratirako grabaketak egiten, eta gaurtik aurrera emaitzak entzungai izango dira. Guztira 60 bat lagunek hartzen dute parte irratian, eta gaurtik aurrera talde bakoitzaren saio berri bat entzun ahal izango da egunero. Gaurko lehen irratsaioan, Xabi Prieto, Imanol Agirretxe eta Mikel Gonzalez Realeko jokalariei egindako elkarrizketa eskainiko dute.


