'Dantza pote' ekimena abian jarri dute Dantzaz konpainiak eta Gipuzkoako Ostalaritza elkarteak
http://youtu.be/jsJj7n9_quY
Ostegunean Erdialdeko kale eta tabernetan izango dira; ostiralean, berriz, Parte Zaharrean.
‘Dantza pote’ ekimena abian jarri dute Dantzaz konpainiak eta Gipuzkoako Ostalaritza elkarteak. Dantza eta taberna giroa uztartuko dituzte, eta bi saiotarako gonbidapena egin diete herritarrei: Etzi, Erdialdean zehar ariko dira, eta hurrengo astean, ostegunean, Parte Zaharrean ariko dira. Dantzariek Donostiako kaleak hartuko dituzte, eta konpainiak pintxo-poteoaren laguntzaz jendearekin, kalearekin eta giroarekin mimetizatuko dira.
Ideia Dantzaz konpainiatik sortu zen, duela urtebete. Fernando Saenz de Ugarte konpainiako zuzendari nagusiak esan duen bezala, “dantzariek berezkoa dute nonahi eta nornahiren aurrean dantza egiteko grina”. Proposamena Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak bultzatu du, Mikel Ubarretxena presidenteak adierazi duenaren arabera.
Dantzazaleen ikusmina piztuko dute bi saio hauek. Izan ere, Dantzaz konpainiak maiatzaren 18an Viktoria Eugenian aurkeztuko duten Kameleoia obraren zati batzuk antzeztuko dituzte kalean.
Ostegun honetan Errege Katolikoen kale inguruan izango dira 19:00etan. Pokhara, Warhol, Splash, Udaberri, Nido eta Valles tabernetan izango dira 21:00ak arte. Hurrengo ostegunean, maiatzaren 9an, Parte Zaharrean izango dira. Truk, A Fuego Negro, Gandarias, Txuleta, Ttunttun, Kota31, Federiko, Zibbibo, Altxerri eta BeBop tabernetan izango dira.