Egiako epaitegiko langileek murrizketen aurka egin dute protesta
Egiako epaitegiko langileek elkarretaratzea egin dute murrizketen aurka. Protesta epaitegiaren atarira eraman aurretik, eserialdia egin dute eraikinaren barrualdean. Hain zuzen ere, Justizia arloko langileek Gasteizko Gobernuarekin akordioa lortu zuten aurreko legegintzaldian, euren lan baldintzak Eusko Jaurlaritzako langileekin parekatzeko. Protestan ziren langileek adierazitakoaren arabera, Gobernu berriak, baina, atzera egin du. «Madriletik datozen murrizketak aplikatzeaz gain, parekotasuna apurtu nahi du. Izan ere, ordutegia negoziatu dugun lehen bileran, apirilaren 23an egindakoan, Justizia Administrazioaren berezitasunak azpimarratu zituen Jon Arturo Uriarte Justizia Administrazioko zuzendariak, hau da, EAJk betidanik defendatu duen irizpidea; ez garela euskal administrazioaren parte eta, beraz, beste lan baldintzak izan beharko genituzkeela», azaldu dute.
Justizian dauden sindikatu guztiek plataforma bateratu bat osatu dute euren eskubideak defendatzeko. Hainbat mobilizazio egingo dituzte datozen egunetan: besteak beste, egunero ordu erdi bat ordenagailuak itzaliko dituzte; eta ordu laurdeneko eserialdiak egingo dituzte eta, ondoren, ordu laurdeneko elkarretaratzeak. Mobilizazio hauek hurrengo bilera arte mantenduko dituzte. Maiatzaren 7an egingo dute bilera, Lakuan.