Eten egingo dituzte Zubietako errauste plantaren proiektuan aritutako bi enpresarekin sinatutako kontratuak
Ingeniaritzan eta aholkularitzan jardun ziren bi enpresarekin akordioa hausteko bidea hasi du GHK-k, irregulartasunak topatu ondoren.
Eten egingo dituzte Zubietako errauste plantaren proiektuan aritutako bi enpresarekin sinatutako kontratuak, irregulartasunak ikusita. Berria egunkariaren arabera, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak uste du legea urratu zutela. RESA ingeniaritza enpresa da bat: lehiaketa irabazi egin zuen baldintza pleguak berak zehaztu eta gero. IBH ingeniaritza taldea da bestea: lehiaketa egin aurretik ere aholkularia zen. Batzarra zuen atzo partzuergoak, eta han erabaki zuen akordioak eteteko bidea hastea. GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa enpresa publikoaren bi txosten izan dituzte erabakiaren oinarri gisa. Ikerketa horien bidez, GHK-k baieztatu zuen lehiaketara abantailarekin aurkeztu zirela bi enpresak, eta legeak zehaztutako baldintzak ez zituztela bete.

