Gazteen Antzerki Topaketak eskaintza zabala egingo dio hiriari
Maiatzak 3an hasiko dira emanaldiak; 16 antzezlan egingo dituzte eta 143 gazten hartuko dute parte.
Gazteen Antzerki Topaketak aukeztu dituzte gaur. Urtero bezala, profesionalak ez diren hiriko taldeen antzerki sustapena eta difusioa izango du helburu aurtengo edizioak. Urte hau ordea, berezia da, 25 urte betetzen baitira lehenengo topaketak egin zituztenetik. Bertan 14-30 urte bitarteko 143 gaztek hartuko dute parte hiriko eszenatoki handienetan, guztira 16 obra antzeztuz.
Gazteria zinegotzi Naiara Sampedrok azaldu duenez, bertan parte hartzen duten aktore gazteentzat “aukera paregabea” da ezagutzera eman, eszenatoki handietan antzeztu eta ekoizpen kulturalen sormen eta difusio prozesuetan aurrera egiteko. Gainera, hiritarrei ere eskaintza kultural ezinhobea egiten zaie. Eszenatokiak Lugaritz, Gazteszena eta Antzoki Zaharra izango dira.
Hain zuzen ere, sarrerak 3 euroko prezioa dute eta antzoki eta kultur etxeetan bertan izango dira salgai. Programazio zabala, gazteriaren webgunean dago zintzilik. Antzezlanei dagokionez, 7 euskaraz, 8 gaztelaniaz eta elebidun bat izango dira.
Emanaldiak maiatzaren 3an hasiko badira ere, gaur bertan Parte Zaharrean kale-antzerki bat egingo dute, topaketen informazioa banatzeko.
Sari banaketa eta festa
Ekainaren 13a bitartean egingo dituzte emanaldiak. Azken egunean, epaimahaiak sari banaketa egingo du, Antzoki Zaharrean, festa giroan 19:00etan. Bi kategoriatan banatuko dira, juniorrak 14-18 bitartekoak eta seniorrak 18-30.
Epaimahaiari dagokionez, Eñaut Gantxegi, Silvia Manzana eta Jonan Alonso izango dira. Gantxegik azaldu du “lehen aldia dela” epaimahai moduan arituko dena; “espero dugu publikoari ere gure epaia gustatzea”, esan du.