Mugaritz eta Arzak, munduko hamar jatetxe onenen artean
Londresko ‘Restaurant’ aldizkariaren arabera, Andoni Luis Adurizena laugarren postuan dago, eta Juan Mari Arzakena, zortzigarrenean.
Restaurant aldizkariak munduko 50 jatetxe onenen zerrenda aurkeztu zuen bart. Hamar jatetxe onenen artean jarraitzen dute Mugaritzek eta Arzakek. Adurizen jatetxea, baina, postu bat jaitsita, laugarrenera igaro da. Hirugarren postua Italiako jatetxe batek kendu dio, Massimo Botturaren Osteria Francescanak. Juan Mari Arzakek, berriz, azken urteetako zortzigarren postua mantentzea lortu du.
Podiuma ere aldatu egin da. Lehen bi postuak irauli egin dira. Joan, Jordi eta Josep Roca anaien Gironako El Celler de Can Roca bigarren postutik lehen postura igo da, Rene Redzepi sukaldari daniarrari tokia kenduta; eta bigarren postura jaitsi da Redzepiren Kopenhageko Noma jatetxea. Noma jatetxe daniarra izan da onena azken hiru urtean; Ferran Adriari kendu zioten lehen postua.
Zerrenda osatzen 900 gastronomia adituk baino gehiagok parte hartzen dute, mundua 26 eskualdetan banatuta daukate, eta eskualde bakoitzean 36 kide daude. Taldeko kide bakoitzak zazpi jatetxe aukeratzen ditu; botoa emateko baldintza bakarra bete behar dute: jatetxe horretan egon behar izan dira, behin gutxienez, azken 18 hilabeteetan.
Munduko berrogeita hamar jatetxe onenen zerrenda osatzeaz gainera, emakume sukaldari onena nor den erabakitzen du Londresko aldizkari prestigiotsuak. Duela egun batzuk jakinarazi zuten Nadia Santini sukaldari italiarrarentzat izango zela aurtengo Veuve Clicquot saria. Iaz Elena Arzakek jaso zuen emakume sukaldari onenaren Veuve Clicquot saria. Eta urtebete lehenago, haren aita saritu zuten ibilbidea aitortzen duten sariarekin.


