Nafarroa hiribideko bidegorria egiteko lanak hasiko dituzte
Maiatzaren bigarren hamabostaldian hasiko dituzte lanak; uztailerako, hiriaren ekialdea Erdialdearekin lotuta izatea espero dute.
Nafarroa hiribideko bidegorria eraikitzeko lanak hasiko ditu udalak maiatzeko bigarren hamabostaldian. Mugikortasun zinegotzi ordezkari Jon Albizuk azaldu duenez, urte askotan egin dira bertan bide gorria jartzeko saiakerak, baina guneak “zailtasun teknikoak” dituela esan du eta azkenean “behin betiko soluzioa” aukeratu dutela.
Hala, 385 metroko luzera izango du eta medianara pegatuta joango da. Bide gorriak bi bi norabideko errailak izango ditu. Horretarako, Pasaiara norabidean autoentzako bide bat kenduko dute. Albizuk azaldu du hori udal gobernuaren filosofiarekin bat datorrela; “bidegorrietan sinistu eta inbertitzen du udal gobernu honek”, esan du.
Bidearen zati berri honek, erabiltzaile asko dituen zonaldeko arazo bat konpontzea du helburu, izan ere, asko dira espaloietatik ibiltzen diren ziklistak eta baita seguruak ez diren errepideetatik; “honek ekialdea Erdialdearekin lotuko ditu”, esan du Albizuk.
Zati berriarekin, Donostiak 50 kilometroko bidegorri sarea izango du.
17 aparkaleku gutxiago
Lanak irauten duten artean, Larramendiko gasolidegiaren sarrera 150 metro aurrerago dagoen biribilgunera aldatuko dute. Behin lanak bukatuta 17 auto aparkaleku desagertuko direla jakinarazi du Albizuk. Bestalde, errail bat kentzeak trafikoa motelduko duela ere esan du. Azkenik, anbulategiaren aurrean, taxi eta autobus geltokia jarriko dute.

