Lurdes Eraso: "Donostia irauli behar dugu"
Alderdi Ederren egin dute amaiera ekitaldia; Espainiaren aurrean, politika ekonomiko propioa aldarrikatu dute.
Manifestazio amaitzearekin batera, ekitaldia egin dute Alderdi Ederren. Bertan LABeko ordezkari Lurdes Erasok, hasi eta segidan, mundu osoko langileria ekarri du gogora. Ondoren, Donostiaren egoera sozial eta politikoan murgildu da. Esan duenez, 2008an langabezi tasa %6koa zen hirian, aurten %13koa. Hala, “oso larritzat” hartu du Donostian 12.525 langabe egotea.
Bestalde, gogorazi du horien %52 emakumezkoak direla eta lana bilatzen duen bi gaztetik batek ez duela lortzen. Azpimarratu du hirian langabezia tasa handiena duen sektorea zerbitzuena dela, zehazki %74a.
Grebarako arrazoiak
Hala, egoeraren irakurketa eginda, maiatzaren 30ean donostiarrek greba orokorrean parte hartzea ezinbestekoa dela esan du; “Donostia irauli behar dugu”, esan du Erasok. Azpimarratu du politika ekonomiko propio baten beharra duela Euskal Herriak; “Espainako hondamendi eta inposaketei ezetz esaten diogu”, adierazi du.
Aske Gunea eta presoak gogoan
Une hunkigarria bizi da, Erasok preso eta iheslariak gogora ekarri nahi izan dituenean. Bereziki txalo zaparrada jaso du Donostiako 8 atxilotuak gogoratu dituenean; “harro gaude erakutsi duzuen konpromiso politikoagatik”, esan du. Amaitzeko, greba orokorrari begira, murrizketa eta langileriaren aurkako erasoei “herri harresia eginez” erantzungo dutela esan du. Internazionala eta Eusko Gudariak abesten amaitu dute.

