
Bera Bera Eskubaloiko jokalariak eta entrenatzaileak, partida eta omenaldia bukatu ostean (Argazkiak: E. Zabala)
Bera Bera Eskubaloiak sekulako lorpena egin zezakeen gaur arratsaldean, bere historian lehen aldiz ABF Ligaren garaipena ziurtatuta, baina ez da posible izan. Donostiako taldeak Rocasa garaitu du etxean, 35-17, baina Elxek irabazi egin du Alcobendasen aurka, 30-19. Beraz, Bera Berak azken jardunaldian jakingo du ea Liga berea den. Edonola, pozez zoratzen bukatu dute partida taldekideek, euren lana ongi baino hobeto egin baitute. Gainera, azken jardunaldian, Castro izango dute aurrez-aurre, Liga osoan partida bakarra irabazi duen taldea.
Sekulako giroa izan da Bidebietako kiroldegian partida hasieratik. Zaleek harmailak bete dituzte eta txarangaren laguntzarekin etengabe aritu dira animatzen. Norgehiagoka hasieratik etxeko taldea nagusi izan da, uneoro aurretik egon da markagailuan, eta 16-6koarekin iritsi da atsedenaldia. Bigarren zatian partida ez da aldatu eta sekulako golak sartu dituzte donostiarrek; Eider Rubiok esaterako. Azkenean, 35-17 bukatu da partida, baina Elxek irabazi egin duenez, ezin izan dute zaleek eta jokalariek elkarrekin Ligaren garaipena ospatu momentuz.
Partida bukaeran Reyes Karrere entrenatzailea eta Eider Rubio jokalari donostiarra omendu dituzte. Izan ere, biek ere datorren urtean taldean ez jarraitzea erabaki dute.