Donostiako Sorturen aurkezpena egin dute Parte Zaharrean
‘Irabazteko sortu gara’ lelopean, Sortu alderdi politikoaren Donostiako taldea aurkeztu dute, gaur eguerdian. Parte Zaharreko Konstituzio plazan egin dute ekitaldia, hainbat donostiarren aurrean, eta Donostia aldatzera datozela aldarrikatu dute.
Iñigo Balda loiolatarra izan da hitza hartu duen lehena. “Sortu jaio da, baita Donostian ere”, izan dira Baldaren lehen hitzak. Ezker abertzaleak orain arte egindako bidea gogora ekarri du Baldak, eta lanean aritu diren militante guztien lana azpimarratu du. “Ez ditugu ahaztu behar ezker abertzaleak pairatu dituen egoerak, atxiloketak, torturak, legez kanporatzeak… baina guztien lanari esker hemen gaude”, aipatu du Baldak. Bereziki, Herri Batasunako zinegotzi izan zen Tomas Alba zena eta herritar batasunaren kide izandakoak eta egun kartzelan preso daudenak ekarri ditu gogora. “Donostia eraldatu nahi dugu, eta horretarako Sortu motorea izan behar da, baina guztiekin elkarlanean, baita instituzioetan ere. Indarra badugu eta izango dugu”, aldarrikatu du Baldak.
Ernai gazte antolakundeko kide batek eta Joseba Alvarezek ere hartu dute hitza. Segiko kide izateagatik atxilotu berri dituzten donostiar gazteak izan dituzte gogoan biek, eta besarkada bana bidali diete guztiei ere. “Gatazkak hor dirauela erakutsi nahi dugu”, aipatu du gazteak; eta azken batean, Ernairen helburua Euskal Herri independentista, feminista eta sozialista lortzea dela gogorarazi du. Joseba Alvarezek Sortuko kide diren donostiarrak aurkeztu ditu, baina auzo eta toki batzuetan hutsuneak dituztela onartu du, beraz, herritar guztiei lanerako deia egin die. “Badakizue Donostian ez bada auzoetatik politika egiten ez dagoela politikarik”, adierazi du Alvarezek. Datozen hauteskundeetarako bi urte falta direla gogorarazi du, eta proiektu erakargarria egiteko saiakera egiten ari direla. Udalean Bildu egiten ari den lana ere zoriondu du Alvarezek, eta beraien lana hori indartzea izango dela esan du.
Beñat Gaztelumendi añorgatarrak hiru bertso bota ditu. “Kolore denak kabitzen dira gure mosaiko honetan” eta “lanean gaurtik hasi behar da etorkizun bat sortzeko” moduko esaldiak bota ditu.
Eusko gudariak abestuz bukatu da ekitaldia, eta ondoren askaria egin dute.
- Joseba Alvarez izan da hitz egin duen azkena
- Jende ugari bildu da Konstituzio plazan egindako aurkezpenean
- Iñigo Balda loiolatarrak eman dio hasiera ekitaldiari





