Aurreko urte bateko txapelketaren irudia (Argazkia: Raul Perez)
Ikusmin handia sortu ohi dute Gipuzkoako herriarteko esku pilota, pala eta zesta punta txapelketek, eta aurten ere iristear dira. Izan ere, datorren asteburuan bertan, maiatzaren 12an, jokatuko dituzte lehen partidak. Donostiak, gainera, hiru modalitateetan izango du ordezkaritza.
Esku pilota txapelketa izaten da partaide eta jarraitzaile gehien biltzen dituena, eta Donostiako taldea maiatzaren 26an sartuko da lehian, Arrasate-Oiartzun partidako irabazlearen aurka. Finala uztailaren 7an izango da.
Zesta puntako lehen partidari dagokionean, donostiarrek igande honetan bertan ekingo diote etxean lehiari, Mutrikuren aurka. Finala ekainaren 30ean izango da.
Palako txapelketan, berriz, Donostiak maiatzaren 26an jokatuko du lehen partida, etxean, Andoainen aurka. Finala ekainaren 23an izango da.