Hamaseigarrenean, aidanez
Lau hilabete geroago, hamabost jardunaldi galdu gabe egon ostean, Realak porrota jaso du Getafen (2-1).
Realak Getafen galdu du, hamabost partida eta lau hilabete galdu gabe egon eta gero. Urtarrilaren 6an jaso zuen azken porrota Ligan, Real Madrilen aurka, Santiago Bernabeu futbol zelaian (4-3). Orduz geroztik, emaitza bikainak lortu ditu… gaur arte. Hamaseigarrenean, aidanez.
Getaferen futbol zelaiko harmailak erdi hutsik zeuden, Madrilera bidaiatu duten rezaleek jartzen zituzten oihuak, eta txuri-urdinek jokoa lehen minutuetan. Horrela iritsi da Carlos Velaren gola, 4. minutuan. Philippe Montanierrek zuzendutako jokalariak hiru puntuak lortzeko bidean zeudela zirudien, Txapeldunen Liga jokatzeko ametsa gogoan.
Partida, baina, goitik behera aldatu da 18. minutuan. Markel Bergarak huts handia egin du defentsan, eta Pedro Leonek ez du barkatu. Atsedenaldiaren atarian, 38. minutuan, Barradak egin du 2-1ekoa, oraingoan Carlos Bravok gaizki desbideratutako baloi bat baliatuta.
Bigarren zatian, Realak jokoaren ekimena izan du, baina aukera gutxi egin ditu. Honela gauzak, partida poliki-poliki hiltzen joan da.
Porrot honekin, Realak laugarren postuan jarraitzen du, baina Valentzia bi puntura du orain sailkapenean, Liga amaitzeko lau jardunaldiren faltan. Hurrengo jardunaldian, Valentziak Vallecasen jokatuko du, Rayoren aurka; eta Realak Granada hartuko du Anoetan, astelehenean berriro, 22:00etan. Ea orduan, gauerdia aldean, partida amaituta, Getafeko gaueko amesgaiztoa ez den errepikatzen.