Hezkuntzan aitak duen garrantziari buruzko hitzaldia, Egian
Aitaren eginkizuna hazkuntza ekologikoan, horixe Egiako kultur etxean antolatu duten hitzaldiaren izenburua.
Hitzaldiaren helburua aitak seme-alaben hazkuntzan bete beharreko eginkizunaren garrantziaz kontzientziatzea litzateke. Nola amatasuna, hala aitatasuna prozesu osagarriak dira, kultura- eta familia-egitura barruan garatzen direnak, baina historian zehar aldatu egin da aitaren eginkizuna.
Giza sistemen ekologiaren paradigma berriaren harira, eta prebentzio psikosoziala aintzat hartu asmoz, prestakuntza berri bat aurkeztuko da, osasunaren, hezkuntzaren eta bestelako esparrutako profesionalei bideratuta. Donostian lehenengoz aurkeztuko dute dagoeneko Valentzian, Madrilen eta beste hainbat lekutan arrakasta izan duen prestakuntza. Hainbat kontzeptu biltzen ditu egitasmo honen baitan: autoerregulazioa, atxikimendua, hazkuntza naturala, erditze naturala, lotura, edoskitzea, eskola libreak, ikastetxeak, institutuak… Haurdunalditik nerabezarora bitarteko ‘continnum’aren ikuspegia ere landuko dute.
Hitzaldia, bihar izango da, asteartea, Egiako kultur etxean, 17:00etan.