Miguel Angel Diez eta Ernesto Gasco, gaurko agerraldian. (Argazkia: K. M.)
Altza barruti bilakatzeko batzorde ez iraunkorra abian da; proposamena, hiri osora zabaldu nahi dute.
Donostia lau barrutietan banatzeko proposamena egin du Ernesto Gasco PSE-EEko zinegotziak. Azaldu duenez, “aspalditik mahai gainean zegoen” kontu bat zen hiriko barrutiena, eta orain arte, PSE-EE ez da “bereziki” aldekoa izan. Baina egun, hainbat alderdik gaia lantzeko beharra adierazi dutela eta, haien proposamena egitea pentsatu du PSE-EEk.
Izan ere, Altza barruti bilakatzeko batzorde ez iraunkorra abian da, eta bertan, hainbat talde politikok, Altzaz harago, hirian barrutiak egoteko proposamena zabaldu zuten.
Barruti horiek lau izango lirateke; batek Altza, Intxaurrondo eta Bidebieta hartuko lituzke bere gain; beste batek, Gros eta Egia; hirugarrenak, Erdialdea, Amara eta Loiola; azkenak, Antigua, Aiete, Añorga eta Igeldo.
Gascok azaldu duenez, Altza barruti bilakatzeko batzordean, bilera ez formalak hasi dituzte talde politikoen artean. Hala, PPk zazpi edo zortzi barrutiko Donostia proposatzen duela esan du. Bestetik EAJ eta Bilduk bakarra duena; Altza.
Hala ere, azaldu du talde guztiek dutela adostasunera heletzeko helburua. EAJko zinegotzi Martin Ibabek adostasunerako jarrera hori berretsi du; “oinarrizko dokumentu bat eratu behar dugu, hiria antolatzeko, denboran iraungo duena, ez gobernuz gobernu aldatuko dena”, esan du.
“Abantaila administratiboak”
Gascoren esanetan, honek “abantaila administratiboak” ekarriko lituzke, eta “hiritarrengandik gertuago” egoteko aukera. Ez dago zehaztuta balizko barruti horien antolaketa administratiboa zein izango litzatekeen. Hala nola, Gascok esan du, ikusi beharko litzatekeela batzar etxeak, asanbladak, kontseiluak, edo “beste edozein antolakuntza” izango liratekeen, eta zehaztu beharko litzatekeela, zein funtzio beteko lituzketen horiek.
Hala, oraindik zehaztuta ez dagoen balizko funtzionamenduari buruz zehaztu duena da, barrutietako antolaketa horiek “azken hauteskunddetako ordezkaritza politikoari erantzun behar lieketa”, hala, barruti bakoitzean lortutako boto kopuruaren araberako zinegotzi ordezkariak jartzea proposatu du; “esaterako, Altzan, PSE-EEk boto gehienak baditu, zentzuzkoa izango litzateke bertako ordezkaria PSE-EEkoa izatea, ezta?”, esan du Gascok.