Kontxako parkina. (Argazkia: Xabier Etxabe)
Udal gobernuak jakinarazi duenez, parkinak dituen 639 aparkalekuetatik 136 ez dira eskualdatu 5 urtetan; horiek saltzea dute helburu.
EAJk Kontxako parkinean dauden aparkalekuak salduz, Bilduk “dirua egin nahi duela” salatu du gaur. Iñaki Gurrutxagak egindako agerraldian azaldu du, udal gobernuak aparkalekuak saltzeko baldintzak aldatu dituela, aldaketa horien artean, salmenta egoiliarrak ez direnei zabaldu diotela; “argi geratu da dirua biltzearen irizpidea, aparkalekuen ordenantza eta mugikortasunaren kudeaketaren gainetik jarri dituztela”, esan du zinegotziak.
Udal gobernuak jakinarazi zuen, Gobernu Batzarrak, 2008ko uztailaren 4an egin zuen bileran, erabaki zuela Concha Parking S.A.ri ematea Kontxako lur azpiko parkina 2008ko urriaren 1etik aurrera 50 urtean ustiatzeko. Parkinak dituen 639 aparkalekuetatik 136 ez dituzte eskualdatu, eta ondasun horiei erabilgarritasun publikoa emateko beharra dagoela.
Hala, baldintzen agirian aurreikusi bezala, saltzearekin lortzen den etekin ekonomikoa ateratzeko beharra ere bai. Etekinak 4 milioi euro ingurukoak izango lirateke.
Azkenik, EAJk galdetu du, ea aldaketa hauek hiriko beste aparkalekuetara zabaltzeko intentziorik duen udal gobernuak; esaterako, Katalunia plazako pakinera.
Hiru neurri abian
Eskualdaketa hauek, eta beraz, aparkalekuen salmenta bultzatzeko, udal gobernuak jakinarazi zuen hiru neurri jarriko dituztela abian. Batetik, egoiliar izatearen eskakizuna malgutzea, lurpeko parkineko aparkalekuen hartzaileen taldea egoiliar ez direnei ere zabalduz.
Bigarrenik etxebizitzagatik edo jardueragatik eskura daitekeen aparkaleku kopuruan zegoen 3 plazatako muga kentzea.
Azkenik aparkaleku horiek eros daitezen pizgarriak ematea. Eskualdatzeari —esleipendunaren eskuetatik lehenengo erosketa egin eta gero partikularren artean egindako eskualdatzeari— dagokionez prezioa handituta: KPI metatuaren aldakuntza gehi 4 puntu aplikatuz.
Interesa duten pertsonek 2058ko irailaren 30era arteko kontzesioa eskuratu dezakete 31.146,22 euroren truke (%21eko BEZ barne) laugarren solairuko aparkalekuentzat; eta 26.121,64 euro bostgarren solairukoentzat. Mantenuaren kostua hilero 44,15 eurokoa izango litzateke.