Udalak hitzarmen bat sinatu du Baikara ikasleen gurasoen federazioarekin
Guztira, 16.100 euroko diru laguntza emango dio; erdia formakuntzarako eta beste erdia informazio aldizkarira bideratuko dute.
Donostiako Udalak lankidetza hitzarmen bat sinatu du Baikara Euskal Eskola Publikoko Ikasleen Gurasoen Federazioarekin. Tokiko Gobernu Batzordeak onartu duen hitzarmen honen bidez, 16.100 euroko dirulaguntza emango diola irabazi asmorik gabeko erakunde honi.
Baikara irabazi asmorik gabeko entitate bat da eta hezkuntza sare publikoko guraso elkarteei prestakuntza eta informazioa emateko jarduerak eta zerbitzuak bultzatzen ditu. Hala, azaldu dutenez, horietatik 8.100 euro formakuntzara bideratuko dituzte, eta beste 8.000 euro informazio aldizkarira.
Naiara Sampedro Hezkuntza zinegotziak azaldu du udal intereseko hezkuntza ekimenak sustatzen dituelako jaso duela babesa Baikarak: “Donostiako Udaleko Hezkuntza Atalaren asmoa da familien eta haurren arduradunen inplikazioa handitzea eta eragile horiei beren zereginetan laguntzea, hau da, balioetan hezten eta bizitzen laguntzea, eta asmo horren baitan kokatzen da hitzarmen hau”.
150 guraso elkartetik gora
Baikarak Gipuzkoan 150 guraso elkartetik gora ditu , hau da, guraso elkarteen %90a baino gehiago. Euskal Eskola Publikoko gurasoen ekimenak jaso, babestu eta laguntzea eta beharrei erantzutea da elkartearen asmoa. Baikara aldizkariak, Gipuzkoan 28.000 ale banatzen ditu; horietatik 8.000 Donostian. Udaleko programa, informazio eta albisteek 5 edo 6 orrialde izaten dituzte, eta urtean hirutan kaleratzen da aldizkaria.