Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko Eguna ospatuko dute larunbatean
‘Praktikatzen duzun hori, kutsatu egiten da’ lelopean hasi dute kanpaina; flashmobe bat grabatu zuten atzo.
Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko Eguna da maiatzaren 11, eta Donostiako Bidezko Merkataritzaren Taldea osatzen duten erakundeek, beste urte batez, eguna ospatuko dute. Hala, larunbatean hainbat ekimen egingo dituzte Gipuzkoa plazan.
Gizarte Ongizate zinegotzi Jon Albizuk Bidezko Merkataritzaren balioa azpimarratu du eta babes osoa eman dio ekimenari. Hala, Praktikatzen duzun hori, kutsatu egiten da lelopean, egitaraua azaldu dute. Atzo bertan hasita, flashmob bat grabatu zuten Dbusen autobus batean, leloa bera oinarri hartuta.
Gainera, Donostiako Merkataritza Justuaren webgune berria aurkezteko aprobetxatu dute agerraldia.
Egitarau oparoa ostegunetik
Gainera, nazioarteko eguna larunbatean bada ere, ostegunean hasita hainbat ekimen antolatu dituzte. Hala nola, 19:00etan San Geronimo kaleko Liburutegi Nagusian Toni Lodeirok “Consumir menos, vivir mejor” hitzaldia emango du.
Ostiralean 20:00etan Egiako kultur etxean, Clan de Bichos antzerki taldeko Susana Sanchez eta Ismael Morenok Justo lo que busco antzezlana egingo dute. Amaiatzeko larunbatean programa oparoa antolatu dute Gipuzkoa plazan 11:00etatik 19:00ak bitartean. Besteak beste, 12:00etan Monda Lironda pailazioa izango da, 17:00etan hainbat tailer eta 19:00etan batukada eta manifestuaren irakurtzea.
Egun osoan zehar, produktuak, erosi, dastatu eta informazioa lortzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.


