Udal gobernuak Txomin Eneako etxebizitzen sustapenerako proposamen bat luzatu dio Eusko Jaurlaritzari
Izagirrek gobernuarentzat “lehentasuna” dela azpimarratu du; jaurlaritzak hainbat asteko epean erantzuna emateko konpromisoa hartu du.
Donostiako udal gobernuak jakinarazi duenez, atzo egindako bilera batean, Eusko Jaurlaritzari proposamen bat luzatu dio, Txomin Enenako etxebizitzen sustapenean esku hartu dezan. Bileran, Juan Karlos Izagirre alkatea, Etxebizitza eta Hirigintzako zinegotzi Ricardo Burutaran eta Hirigintzako zuzendari David Rebollo, Etxebizitzako sailburu Juan Maria Aburto eta Maria Covadonga sailburuordearekin bildu ziren.
Udal gobernuaren ustetan, jaurlaritzaren parte hartzea funtsezkoa da inguru hori urbanizatzeko eta horrek uholdeen arriskua gutxitzeko lanak aurrera eramateko. Gainera, etxebizitza publikoak eraikitzeko aukera emango luke.
Hori helburu, udal gobernuak hitzarmen proposamen bat eman dio Eusko Jaurlaritzari, eta azken horrek proposamena aztertzeko eta zenbait asteko epean erantzuteko konpromisoa hartu duela jakinarazi du.
Ia 1000 etxebizitza
Txominekoa Donostiako eta EAEko etxebizitza eragiketa proiektatu garrantzitsuena dela azaldu dute, baita auzo horretako “etorkizuneko urbanizazio berrirako gakoa” ere. Urbanizazio horri esker, Urumearen ibarrean uholdeak izateko arriskua murriztea dute helburu. Udal gobernuak aurreikusten duenez, babes ofizialeko 424 etxebizitza, 132 etxebizitza tasatu, 281 etxebizitza libre eta ostatu emateko 110 etxebizitza eraikiko dituzte Txomin Eneako esku hartzearen lehen fasean.
Izagirrek bileraren ondoren adierazi zuenez, zaila litzateke ulertzea Eusko Jaurlaritzak “honelako garrantzia duen proiektu batean esku ez hartzea, jakinda Urumeako ibarreko bizilagunak urteak eman dituztela uholde arazoak noiz konponduko zain, eta zaila litzateke ulertzea, halaber, azken urteetako Donostiako eta EAEko etxebizitza sustapenik garrantzitsuenean esku ez hartzea”.


