Udal gobernuak Intxaurrondoko haurreskolak egiteko konpromisoa eskatu dio jaurlaritzari
Aurreko jaurlaritzako gobernuak bi haurreskolak egiteko konpromisoa hartu zuen.
Donostiako udal gobernuak Intxaurrondo auzoan bi haurreskola egiteko konpromisoa har dezan eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Aurreko jaurlaritzako gobernuak obra hori egiteko konpromisoa hartu zuela azpimarratu dute.
Jakinarazi dutenez, Naiara Sampedro Hezkuntza zinegotziak bilera egin du erakunde horretako ordezkariekin protokoloa lehenbailehen betetzea eskatzeko; “udal honek jada zehaztuta ditu auzoko bi ikastetxetan haurreskolak jartzeko guneak, eta proiektuek eskolen zuzendaritzaren oneritzia daukate” esan du.
Sampedro Miren Arantza Aurrekoetxea Hezkuntza Sailburuordearekin, Olatz Garamendi Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordearekin, Jesus Fernandez Ikastetxeen Zuzendariarekin, Polentzi Urquijo, Baliabide Materialen eta Azpiegituren Zuzendariarekin eta Gema Gonzalez de Txabarri Gipuzkoako Hezkuntza lurralde ordezkariarekin elkartu da.
Naiara Sampedro aurki elkartuko da berriro bi eskoletako zuzendariekin Eusko Jaurlaritzak orain arte azaldu duen konpromiso faltaren berri emateko: “Udal gobernuak erabateko gardentasunez jokatu du. Hasieratik alternatibak aurkeztu ditu eta saiatu da negoziatzen eta irtenbide bat adosten alde guztiekin, haien artean, eskola komunitatearekin; izan ere, hainbat bilera izan dugu komunitate horrekin. Gobernu talde honen asmoa beti izan da irtenbide bat bilatzea, beste batzuek oztopatu nahi dutela dirudien arren” amaitu du.
Erakunde adierazpena, alde
Sampedrok gogorazi du iazko ekainean Udalbatzak erakunde adierazpen bat onartu zuela Hegoa Ikastetxean eta Intxaurrondo Ikastolan haurreskola bana egiteko: “EAJ eta PP alderdiek ere guk aurkeztutako adierazpenaren alde egin zuten eta uste dugu hori dela modu bakarra auzoan haurreskola publiko eta euskalduna bermatzeko”.