Umeak euskaraz aritzeko Parketarrak ekimena egingo dute gaur Parte Zaharrean
http://youtu.be/j8KX4DucRpg
Zuloaga plazako parkean egingo dute denentzat irekita eta doan; 17:00etan txikienek eta 18:00etan handiagoek.
Parketarrak izeneko egitasmoa abian jarriko dute gaur arratsaldean, Parte Zaharreko Zuloaga plazan. Ekimenaren helburu nagusia haurrak kalean eta parkeetan jolasean ari direnean euskara erabiltzea da. Horretarako, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren eta Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea elkarlanean aritu dira.
Urtxintxa eskolak gidatuko ditu gaurko saioak. Lehenengoa, 17:00etan, 3-5 urte bitarteko haurrei zuzendutakoa da, eta bigarrena, 18:00etan 6-9 urte bitartekoei zuzendua. Denentzako irekiak eta dohakoak izango dira.
Parketarrak ekimenaren helburu nagusia familiek eta haurrek parkean euskaraz egitea da. Azaldu dutenez, jolasak lagungarriak dira horretarako, jolasen bitartez hizkuntza lantzen baita batetik eta euskara kalean erabiltzeko ohitura areagotzen delako bestetik.
Asteazkenero
Martutene auzoan jarri zen abian lehendabiziko aldiz Parketarrak ekimena Donostian eta arrakastatsua izan da oso. Hori dela eta, aurten segida emango zaio ekimen honi beste zenbait auzotan. Horrela, hil honetan, asteazkenero –hilaren 8an, 15ean, 22an eta 29an– arratsaldez eramango da aurrera Parte Zaharreko Zuloaga plazan.