Pertsona gorren mugei buruzko erakusketa bat jarri dute Deustuko Unibertsitatean
Hamalau marrazkiren bitartez pertsona gorrek egunero egunero topatzen dituzten hamaika oztopo islatzen dira Deustuko Unibertsitateko Gipuzkoako Campusean jarri duten erakusketan.
Gainditzen, pertsona gorren eskubide eta beharren aldeko elkarteak antolatu du erakusketa, eta Julian Rodriguez (Sagues, 1963) arduratzen da marrazkiak nahi duenari erakusteaz. Jon Balentziaga eskultore gorrak egindako marrazkiak dira, baina pertsona gor guztien egoera islatzen dute.
Batere entzuten ez duen pertsona horietako bat da Julian Rodriguez bera ere. Muga ugari gainditu behar izaten ditu egunero. Ia traba ikusezinak dira entzumen arazorik ez duten pertsonentzat, baina gorrentzako oztopo izugarriak dira. Marrazkietan islatzen dira kasu horietako batzuk. Lagun baten etxera joan eta atariko txirrina jotzean, gorrek ez dute jakiten noiz ireki duten atea, eta ateari bultzaka aritu behar izaten dute. Istripu edo ez behar bat dutenean ere, nekez adierazi dezakete gertatutakoa. Edo tren geltokian atzerapenak bozgorailutik jakinarazten dituztenean beraiek ez dira ohartzen.
Julian Rodriguezen arabera, “zeinu hizkuntza dakien norbaiten beharra izaten dugu beti; etengabeko borroka da, oso nekagarria, eta asko sufritzen da”. Bere sentimentuak, aldarrikapenak edo kezkak IRUTXULOKO HITZAri adierazteko ere, beste pertsona baten laguntza behar izan du. Hitzaldietan, ikastolako bileretan, bazkarietan, aisialdian…beti behar dute norbait ondoan.
Donostiako Arans-Gi zentroko irakaslea da Julian Rodriguez. Zeinu hizkuntza irakasten die haur eta gaztetxo gorrei. Bere aita izan zen zentroaren sortzaileetariko bat. Berrogeita bost urte pasa dira ordutik, eta gorren bizi kalitatea ere asko aldatu da. “Txikia nintzela debekatua zegoen zeinu hizkuntza erabiltzea. Logopeda baten laguntzaz hitz egiten ikasiko genuela esaten ziguten. Gaur egun, egoera asko aldatu da. Zeinu hizkuntzan asko aurreratu da, eta teknologia berriek leiho bat ireki digute”, adierazi du Julian Rodriguezek.
Gaur egun, bi mila pertsona gor daude Gipuzkoan, eta 600 bat lagunek dakite zeinu hizkuntza. Keinu bidezko hizkuntza hori laguntza izugarria da pertsona gorrentzat, baina oraindik jendartean lan asko dagoela egiteko uste dute. Erakunde publikoen soldatapeko interprete moduan lan egin dezakeen pertsona bakarra dago Gipuzkoan, adibidez, gorrei zerbitzu hori emateko. Kontzientziazio lan horretan atsedenik gabe dabiltza Julian Rodriguez eta beste hainbat pertsona gor. Deustuko Unibertsitateko erakusketa hondar ale txiki bat besterik ez da, baina beren ahotsa entzuterik ez dagoenez, marrazki adierazgarri hauek ikusteko gonbitea luzatzen diote jendarte osoari.
‘Komunikazio eragozpenak pertsona gorretan’ erakusketa maiatzaren 24a arte egongo da ikusgai Deustuko Unibertsitatean.



