Gaztezulok festa ikusgarria egin du Alderdi Ederren
http://youtu.be/KU7CCH2ZYfE
Bizikleta gaineko aire akrobaziak, graffitiak eta perkusio afrikarra tartekatu ditu Street Festa jaian.
Gaztezulo aldizkariak Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuarekin elkarlanean Street Festa egin du gaur arratsaldean. Arrakasta handia lortu du gazteei eskainitako jaiak, jende andana elkartu baita. Alderdi Eder bizikleta gaineko jauzi ikusgarriz, graffitiz eta zuzeneko musika biziz bete dute.
Udaletxeko terrazaren eta lorategien arteko zabalgunean bizikleta gaineko aire akrobazien erakustaldia egin dute. Funbox Factory taldeko lagunak izan dira protagonistak. Tartean, Mikel Lazkano donostiarra.
Artexivu Afrikar Kultur Elkarteak perkusio afrikarra ekarri du festara. Mozambiketik eta Senegaldik etorritako musikarien taldeak erritmo indartsuekin girotu du festa, Djembe eta dun-dun izeneko afrikar perkusio-tresna tradizionalekin.
Kolorea eta spray usaina ere izan du Street Festak. Zaldi Urdina kolektiboko Jon Areizaga eta Jone Taberna kideek film paper gardenarekin eratu dute horma handi bat bi zuhaitzetara alderik alde lotuta, eta marrazki handi bat egin dute.
[Gallery=45]