Sindikatuen manifestazioa Donostian. (Argazkia: N. Lizarralde)
Jendetza irten da kalera, Jaurlaritzak lanpostu publikoak kaskartu ez ditzan.
Dekreturik ez! Enplegu suntsiketarik ez! Zerbitzu publikoen defentsan, hemen erabaki lelopean mobilizatu dira gaur arratsaldean Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Sindikatu guztiak batu dira zein zerbitzu publiko nahi dituzten aldarrikatzeko: ELA, LAB, CCOO, UGT, erizainen —SATSE eta SAE— eta irakasleen —EILAS— sindikatua.
Jendetzak egin du bat deialdiarekin, Eusko Jaurlaritzari bere norabidea aldatzeko eskatzeko. Denek batera oihukatu dituzte
Zerbitzu publikoak defenda ditzagun,
Inposiziorik ez eta
Murrizketarik ez, gastu soziala bai bezalako aldarrikapenak.
Sindikatu guztiak batera mobilizatzeko arrazoia Eusko Jaurlaritza izan da. Langile publikoen lan baldintzak arautzen dituen dekretua onartu zuen pasa den martxoaren 5ean, eta besteak beste, lanorduak gehitu zaizkie —1.592tik 1.614ra—, eta kontu partikularretarako har ditzaketen baimen egunak jaitsi —seitik hirura—. Zerbitzua kaltetu egingo dela, eta lanpostuak berriz, suntsitu egingo direla uste dute sindikatuek.