Kote Olaizolaren omenezko plaka bat jarri dute Anoetako estadio txikian
http://youtu.be/d0iLkxiIA9I
Bera Bera klubeko sortzaileetako bat izan zen. Haren heriotzaren urtemugan omenaldia egin diote.
Duela urtebete hiriko kirolak Kote Olaizola galdu zuen. Kirolaren alde egin zuen lanaren oroigarri gisa haren omenezko plaka bat jarri dute gaur Anoetako estadio txikiaren sarreran. Hainbat kirol elkartek eta herritarrek egin zuten iaz Olaizola gogoratuko zuen plaka bat egiteko, eta gaur bete dute haien eskaera.
Omenaldi hunkigarria izan da. Bera Berako danborradak eta Donostiako Udaleko Txistulari bandak bat egin du Olaizolaren omenaldira gerturatu diren herritarrak. San Sebastian martxa eta Antzinako martxa jo dituzte haren omenez.
Kote Olaizolaren senideek eta alkateak inauguratu dute Olaizolari eskainitako plaka. “Donostiako kirolaren alde egindako lanaren oroigarri”, irakur daiteke Anoetako estadio txikiaren sarreran jarri duten plakan.
Fernando Diez Bera Bera kirol elkarteko presidenteak, Juan Karlos Izagirre alkateak eta Kote Olaizolaren familiak hartu dute hitza omenaldian. Kirola maitatzen, sustatzen eta bizitzen eredu izan zela adierazi dute. Izagirrek Kote Olaizolaren ibilbidea ekarri du gogora: “Jokalaria, entrenatzailea, kudeatzailea… Zer ez zen izan Kote kirolaren munduan? Batez ere errugbia, saskibaloia eta atletismoan egin zuen lan. Atletismoan, atleta gisa hasi zela Donostiako Atleticon. Errugbian, Bera Berako klubeko sortzaileetako bat izan zelako, eta errugbi taldeko jokalari eta entrenatzaile izan zelako. Saskibaloian ere jokalari eta entrenatzaile izan zen”. Hain zuzen, emakumezkoen Donosti eta Juven saskibaloi taldeetako entrenatzailea ere izan zen
Duela urtebete hil zen Olaizola, ustekabean, bihotzekoak jota. Kirol arloan pertsona ezaguna zen, Bera Bera klubeko sortzaileetako bat izan zen, eta Donostia Kirolako langilea zen. Espainiako Errugbi Federazioko presidente izateko hautagaitza aurkeztua zuen. Kanpainaren barnean, Andaluzian zegoela zendu zen, 60 urte zituela.
Erlazionatutako edukiaKote Olaizolaren omenez







