Donostialdeko Okupazio Bulegoa sortu dute
http://youtu.be/i6p1acFs5kc
Okupazioaren inguruko eztabaida sustatu nahi du; aholkularitza juridiko eta legala ere emango du.
Donostialdeko Okupazio Bulegoa aurkeztu dute. Okupazioaren inguruko informazio gune bat eta topagune bat sortzea du helburu gisa. Asteburuan egin dute bulegoaren aurkezpena, Kortxoenea gaztetxean. Bertan azaldu dute okupatu nahi dutenentzat eta okupatzen ari direnentzat sare bat egin nahi dutela. Egoera ekonomiko eta sozialak bultzatuta, jende askok okupazioaren bidetik egin duela plazaratu dute: “Beharbada beti izan da horrela, baina egun, okupatzen duen pertsonaren profila oso anitza da. Asko dira erabaki hau hartzen dutenak”.
Errealitate hori guztia Okupazio Bulegoan integratu nahi dutela azaldu dute. Okupazioari buruzko eztabaida sustatzeaz gain, okupazioaren zilegitasuna ere defendatuko du: “Okupazioa diskurtso gisa eta praktika gisa sozializatu nahi dugu. Zilegi den tresna bat da eta ikusarazi nahi dugu”.
Okupazio Bulegoko kideek aholkularitza juridiko eta legala eskainiko du bulegoak. Ostegunero Kaxilda liburu dendan egongo dira, 18:00etatik 20:00etara. Blog bat ere sortu dute, eta beraiekin harremanetan jartzeko aukera dago bertan.
Larunbatean egin zuten aurkezpena, egun osoko jardunaldi batean. Okupazioaren iragana eta etorkizuna izan zituzten hizpide mahai inguru batean. Bilboko Okupazio Bulegoko kideak ere izan ziren jardunaldian.