EAJk bosgarren edukiontzia ezartzeko batzorde bat osatzea proposatu du
Batzordeak urtebeteko iraupena izango luke; maiatzeko udalbatzarrean aurkeztuko dute.
Hirian bosgarren edukiontziaren ezarpena sustatzeko, batzorde baten eraketa proposatu du EAJk. Iñaki Gurrutxaga eta Eneko Goiak egindako agerraldian azaldu du, udal gobernua bi urte “bazterrak nahasten” ibili ondoren, badela garaia, “osoko bilkura babesa duen ekimen hau aurrera ateratzeko”.
Hala, hurrengo udalbatzarrean, proposamena egin du, bosgarren edukiontziaren sustapen, kontrol eta jarraipenerako batzorde bat eratzeko. Batzordeak, udal talde bakoitzeko ordezkari bana izango luke eta urtebeteko iraupena. Gutxienez hilabetean behin batzea proposatu du Goiak.
Beste biderik ez
Goiak argi esan du, udal gobernu honek bi urtetan ez duela ezer ere egin eta “beste biderik ez dietela utzi”, eta badela garaia “EAJ pausoa markatzen hasteko”.
Azkenik, udal gobernuak izango duen jarrerari buruz galdetuta, Goiak azaldu du, espero duela Azpeitian izandako jarrera izatea; “Ezker Abertzaleak baimena ematen dietenean, jarrera aldatzea espero dugu hemen ere”, esan du.


