Gorka Otxoa, Aldundiaren 'Birziklagarria naiz' kanpainan
http://youtu.be/32fzdfwQWSc
Gorka Otxoa aktore donostiarra, Pirritx pailazoa, Edurne Pasaban mendizalea eta Mikel Aranburu Realeko futbolari ohia birziklapenaren alde agertu dira Gipuzkoako Aldundiaren kanpaina berrian.
2016rako Gipuzkoako hondakinen % 60 birziklatzea lortzeko deia egin du Aldundiak. Birziklagarria naiz du goiburu kanpainak: “Gipuzkoako jendarteari eta gipuzkoar guztiei funtsezko salto bat emateko deia egin nahi diegu, hemendik hiru urtera orain baino hobeto egon gaitezen, helburu handiagoei heltzeko plataforma sendo bat izan dezagun eta Gipuzkoa solidarioa, garbia eta iraunkorra eraiki dezagun denon artean”, adierazi du Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak.
Errazkinek gogorarazi duenez, gaur egun, hondakinen herena birziklatzen da Gipuzkoan. “Europako beste herrialde eta eskualde batzuetan askoz birziklatze tasa altuagoak dituzte, eta beraz, Gipuzkoan ere badugu zer hobetu”, gaineratu du.
Kanpainak hilabete eta erdi iraungo du, eta hainbat euskarri erabiliko ditu: irrati tarteak, prentsa iragarkiak, markesinetako kartelak, autobusak eta bannerrak, besteak beste. Gorka Otxoa aktore donostiarra, Pirritx pailazoa, Edurne Pasaban mendizalea eta Mikel Aranburu Realeko futbolari ohia dira birziklapenaren aldeko kanpaina honetako protagonistak.