Bera Bera omendu du udalak, «txikia handi egiteagatik»
http://youtu.be/vvRP9tho-pk
Larunbatean liga irabazi zuen taldeak; gaur harrera egin dio udalak.
Donostiako Udalak harrera egin dio Bera Bera eskubaloi taldeari, liga irabazi izana zoriondu eta eskertzeko. Bertan izan dira jokalariak zein klubeko kideak, eta bertan jaso dituzte Juan Karlos Izagirre alkateak zein udal talde guztietako zinegotziek.
Alkateak pozarren hartu dituztela esan du eta, zoriontzeaz gain, eskerrak ere eman dizkie. Hain zuzen ere, eskerrak “txikia handi egiteagatik”, Donostia handitzeagatik, kirolean emakumeen presentzia handitzeagatik eta kirol gutxituak bultzatzeagatik. “Eredua zarete, oinarrizko balioak handitzen dituzuelako”, esan du alkateak. Amaitzeko, Kopa irabazi zutenean bezala, bertso bat abestu die.
Hitza bete dute
Alkateak gogoratu du, Kopa irabazi zutenean hitza eman zuela liga irabazi ezkero berriro egingo zietela harrera. Baina Matxalen Ziarsolo kapitainari gogoratu dio hark bertso bat abestuko zuela hitza eman zuela.
Hala, Ziarsolok esan du “ez dagoela hitzik sentitzen dutena azaltzeko”, eta taldekide guztiek bertso bat abestu dute, batik bat zaleen babesa eskertzen; “lorpen handirik laguntza gabe, ez da erraz eskuratzen”, amaitu dute bertsoa.
Rubio eta Karrereri omenaldia
Une batean, Izagirrek Eider Rubio eta Reyes Karrere omendu nahi izan ditu. Izan ere aurten bientzat izan baita azken denboraldia. Loreak banatu dizkie; “beti iristen da une bat agur esateko, hau ez duzue batere txarra”, esan die. Gaur egun handia izan da taldearentzat; izan ere, goizean Gipuzkoako Foru Aldundiak ere harrera egin baitio.