Carlos Martinez. (Argazkia: Realsociedad.com)
Realak berdinketarekin konformatu behar izan du Anoetan, Granadaren aurka (2-2). Bigarren zatian aukera garbiak barkatu eta gero, eta baloia zutoinera bi aldiz bidali ostean, azken minutuetan ezin izan dio eutsi Granadaren eraso uholdeari. Hain zuzen ere, andaluziarrek luzapenean berdindu dute, Recioren eskutik.
Lehen zatian izan dira gainontzeko golak. 9. minutuan Agirretxek egin du 1-0ekoa, buruz. 15. minutuan berdindu du Granadak, El Arabiren bitartez. Aldageletara joan aurretik, 45. minutuan, Agirretxek, berriro, egin du 2-1ekoa.
Berdinketa honekin Realak laugarren jarraitzen du, baina Valentziarekin berdinduta. Txapeldunen Liga jokatzeko txartela eskuratzeko borroka, horrenbestez, pil-pilean dago.
Partida hasi aurretik, Realeko belar hockeyko emakumeak omendu dituzte, Liga irabazi dutelako asteburuan. Eurei egokitu zaie ohorezko sakea egitea.
Belar hockey taldeko emakumeak, ohorezko sakea egin aurretik. (Argazkia: Estitxu Zabala)