Donostian egingo dute Europar Musikari Gazteen Jaialdia 2016an
10.500 musikari bilduko ditu jaialdiak 1.000 kontzertu inguru emango dituzte.
Europar Musikari Gazteen Jaialdia Donostian egingo dutela jakinarazi dute gaur. Zehazki, 2016ko maiatzean egitea aurreikusten dute. Jaialdi hau bi edo hiru urtetik behin egiten dute Europar Batasuneko herrialderen batean, eta antolatzen duenarentzat erronka handia izan ohi da. EMU, Europako Musika Eskolen Elkarteko Batzar Naguasian aho batez onartu zuten maiatzaren 10an, Donostian ospatzea.
Datak seguruak ez badira ere, argi dago maiatzean egingo dituztela. Jaialdiak 10.500 musikari biltzea aurreikusten du, eta gainera, orotara 1.000 kontzertu inguru ematea. Hauek noski, ez lirateke denak Donostian izango. Izan ere, proiektu hau lurralde osora zabaltzen dela azaldu dute, edota Euskal Herri osora. Hala ere, 26 herrialdetatik etorritako 420 taldetik gora espero ditu hiriak.
Donostiako Musika eta Dantza Eskolako zuzendari Mikel Matek bestalde, argi azaldu du, “erronka handia” izango dela, baina gogotsu azaldu da. Esan duenez, dagoeneko duela urte batzuk hasi ziren honen inguruan lanean, eta honaino iristeko lan handia egin dutela esan du.
Kultur Hiriburutzarekin bat
Juan Karlos Izagirre alkateak ongietorria egin die antolatzaileei, eta azpimarratu du gainera, Donostiarentzat berezia den urte batean ospatuko dutela jaialdia, hain zuzen ere, kulturarentzat hain garrantzitsua izango den 2016an. 2016ko Kultur Hiriburutzaren zuzendari Fernando Bernuesek ere bat egin du egitasmoaren garrantziarekin; “askotan aipatzen dugun 2016aren filosofiarekin bat dator jaialdi hau”, esan du.


