Ehun urte dira San Telmo esku pribatuetatik salbatu zutela
Museoko klaustroa eta dorrea Monumentu Nazional izendatu zituzten 1913ko maiatzaren 14an.
Izendapenaren ehungarren urteurrena baliatuta berriz zintzilikatu da plaka originala klaustroan
Donostiarren bultzadari esker, 1913ko maiatzaren 14an San Telmoko klaustroa eta dorrea Monumentu Nazional izendatu zituzten. San Telmo esku pribatuetatik salbatu zuten; eta ziur aski, moldatua edo eraitsia izatea ere ekidin zuten. Izan ere, XX. mende hasieran Urgull mendia eta San Telmo komentu zaharra Gerra Ministerioarenak ziren. Bere egoera negargarria zen, eta ministerioa multzo hori guztia enkantean jartzeko zorian zegoen. Hala gertatu izan balitz, Donostiak errenazimenduko arkitekturaren adibide bakarra galduko zuen, baita hiriko bizitzari estu lotutako eraikina eta ingurua ere.
Enkantea martxan jarri aurretik, legeak korporazio tekniko batek eraikinaren eta inguruaren balioa egiaztatzea baimentzen zuen. Egiaztatze hori aldekoa bazen, enkantea moldatu ahal izango zen. Urgull mendiaren eta San Telmo komentu zaharraren balioa ondo ezagutzen zuten donostiar ospetsu batzuek San Telmo komentu zaharreko klaustroa eta dorrea enkantetik ateratzea eskatu zuten, Gipuzkoako Monumentuen Batzordearen laguntzarekin. Donostian monumentu zahar oso gutxi zeuden –neurri handi batean 1813ko sutearen ondorioz- eta hutsune horrek, zeuden urriak ongi kontserbatzeko nahia areagotzen zuen.
Hala, tramite batzuren ondoren, eta San Fernando Historia eta Arte Ederren Erret Akademiaren oniritziarekin eta Ministroen Kontseiluaren onarpenarekin, klaustroa eta dorrea Monumentu Nazional izendatu zituzten 1913ko maiatzaren 14an. Horri esker, ezin izango ziren saldu edo eraitsi.
Elementu horiek Monumentu Nazional izendatzearekin batera, enkantean jarritako sortatik atera ziren automatikoki eta beraz, lotea ere, nabarmen txikitu zen. Horregatik, 1913 amaieran enkantea burutu zenean, sorta saldu gabe geratu zen.
Urtetan zehar eraikina koartel militar gisa erabiltzen jarraitu zuten, Gerra Ministerioaren menpe, baina 1921ko abuztuaren 24an, Donostiako Udalak komentua eta Urgull mendia erosi zuen 1.500.000 pezetaren trukean. Horrela hasi zen komentutik museorako bidea (tartean militarren koartela izatetik ere pasa zena), gaur egun San Telmo Museoa bezala ezagutzen duguna.
Klaustroa eta dorrea Monumentu Nazional izendatu zituzten egunean, 1913ko maiatzaren 14an, marmolezko plaka bat jarri zen museoan, baina, urtetan hori gordea egon da zaharberritze lanak egiteko. Horiek eginda eta izendapenaren ehungarren urteurrena baliatuta berriz zintzilikatu da plaka originala klaustroan, dorretik gertuen dagoen aldean.


