
Udalak harrera egin dio arratsaldean Realaren belar hockey taldeari, atzo Bera Bera Eskubaloiari egin zion moduan. Izan ere, emakumeen talde hau ere Ohorezko Mailako Ligako txapelduna izan da asteburu honetan bertan. Alderdi Ederreko atetik sartu da taldea, eta bertan jaso dituzte udaleko alderdi guztietako ordezkariek. Ondoren, behin udaletxe barruan, alkateak banan bana zoriondu ditu guztiak. “Iaz ere harrera egin genizuen titulurik lortu ez bazenuten ere, denboraldi bikaina egin zenutelako. Aurten bai, lortu duzue”, aipatu du Juan Karlos Izagirre alkateak. Zazpi Liga eta hiru Kopa lortuta, hockey taldearen indarra azpimarratu du. “Reala handia da, baina zuek handiagoa egiten duzue”, gehitu du alkateak. Gainera, gogorarazi du, azken Liga 1999an lortutakoa izan zela.
“Emakumeen kirola askotan gutxitua eta baztertua dela esaten da, horrelako lorpenekin komunikabideetan eta egunerokotasunean agertzea lortzen duzue. Oraindik bide luzea dago egiteko, baina eskerrik asko zuen lanagatik”, aipatu du Izagirrek. Dagoeneko ohitura bihurtu denari jarraituz, bertso bat ere bota du alkateak: “iaz txapeldun ordeak, aurten txapeldun osoak; donostiar guztien partez mila esker ta zorionak”.
Taldeko kapitainak, Maite Azkoagak, hitza hartu du alkatearen ostean eta titulua ezfortzu askoren ondorioa dela azpimarratu du. “Bi aste barru Kopa ere Donostiara ekartzea espero dugu”, esan du Azkoagak.
Opari eta guzti joan da Reala, eta koadro bat eta taldeko kamiseta bat eman dizkiote alkateari.