Kolonbiara begira jarriko dira Grosen
Worldpoetrymovement-ek hainbat ekimen antolatu ditu Kolonbiako Gobernuaren eta FARC-eko gerrillarien artean Kuban egiten ari diren bake elkarrizketak babesteko. Funtsean, Kolonbiako egoera aztertzeko edo mahai gainean jartzeko ekimen literarioak dira.
Euskal Herrira ere iritsi da ekimenen berri, eta astezkenean, maiatzaren 15ean, Groseko Tedone jatetxean, 20:00etan egin dute hitzordua.
Kolonbiako egoeraren inguruko testuen irakurketa egingo dute. Hasiera batean, testuak aldez aurretik prestaturik egongo dira, baina edonork eraman ahal izango du berea, norbere iritzia edo ikuspegia eskainiz. Momentuko parte hartzaileez gain, Amaia Lasa, Jose Mari Zendoia eta Juan Mari Apaolaza poetak, Joseba Barrenetxea, Itziar Zubizarreta eta Fito Rodriguez idazleak, eta Mikel Karton abeslaria ere bertan izango dira.
Irakurketek irauten duten bitartean argazkiak eta bideoak grabatuko dituzte Worldpoetrymovement-i eta Kolonbiako Con-fabulacion literatur egunkarira bidaltzeko. Hasiera batean, irakurketa saioa euskaraz prestaturik badago ere, gaztelerazko testuak ere ongi etorriak izango direla adierazi dute antolatzaileek.
Gainera, Tedone jatetxean ohitura bihurtu denez, irakurketaren ondoren afaria egingo dute, ziurrenik gaia ere mahai ingurura eramanez.

