Aretoa bete da 'Donostia 1813' dokumentalaren aurkezpenean
Memorian oinarrituz, “errelato anitza” osatu nahi izan dute, beti ere ikuspegi historikoa azpimarratuz.
Hiriaren erreketaren bigarren mendeurrenaren testuinguruan osatu du Nabarralde Kultur Elkarteak Donostia 1813: hiru inperioen biktima dokumentala. Gaur emanaldia egin dute San Telmo Museoan, eta aretoa jendez bete da. Bertan izan dira Juan Karlos Izagirre alkatea eta Angel Rekalde Nabarraldeko kidea, proiektuaren aurkezpena egiten.
Izagirrek esan du bigarren mendeurrenaren filosofiarekin bat egiten duen proposamena izan zela hau, eta azpimarratu du gertakizunaz ikus-entzuneko formatuan egiten den lehen lana dela. Emanaldiaren ondoren, dokumentalean azaltzen diren hainbatek parte hartu dute.
Errelato propioa
Rekalde oso pozik azaldu da lortu duten emaitzarekin. Azaldu du hiri eta herri guztiek dutela “haien errelatoa”, eta kontakizun honetan “errelato propio eta anitza” osatu nahi izan dutela; “gure ikuspegitik osatu nahi izan dugu; memoriaren, identitatearen eta ondarearen ikuspegitik”, esan du.
Hain zuzen ere, ahots ezberdinak batu nahi izan dituzte kontakizunean, hala nola, ikuspegi historiko batetik, historialari, idazle zein feministen ahotsak bildu dituzte, besteak beste. Izagirrek gogoratu du bigarren mendeurrenean “ospakizun” hitza baino “memoriarena” erabili nahi izan dutela. Rekaldek bat egin du honekin.