Breogan Fernandez eta Beñat Apalategi aske daude
Bi donostiarrak Ondarroako komisaldegira eraman ditu Ertzaintzak. Urtza Alkortaren inguruan osatutako herri harresian izan dira.
Autoritatearen kontrako atentatua eta erresistentzia egotzita Ertzaintzak atxilotu egin dutela adierazi dio Beñat Apalategik Irutxuloko Hitzari: “Ostikoak eman dizkiedala esan didate. Atxilotu eta Ondarroako komisaldegira eraman naute. Halere, sarean dagoen bideo batean ikus daiteke ez dela horrela izan”. Bortizki jipoitu dutela azaldu du Apalategik; Ertzaintza bera ateratzera joan denean bortizki jo dutela: “Zubiko barandari heldu diot eta… ez dakit zer gertatu den”. Sudurrean eta behatz txikian min handia du; plakak ateratzera zihoan Irutxuloko Hitzak deitu dionean. Komisaldegian mediku batek ikusteko eskatu du, eta ospitalera eraman dute.
Apalategik gaua pasa du Ondarroako Alamedan, Urtza Alkorta babesteko herri harresian. Donostiako gazte auzipetuetako bat izan zen, eta absolbitu egin zuten. Ertzaintza gaur goizaldean joan da Ondarroara, eta zubian herri harresian zeudenen aurka oldartu da. Apalategi ez ezik, beste donostiar bat atxilotu dute: Breogan Fernandez. Ertzain bati kosk egitea egotzi diote, eta autoritatearen kontrako atentatua eta erresistentzia egiteagatik atxilotu dute. Apalategi bezala, Segiren aurkako sarekadan auziperatu zuten. Epaiketaren ondoren, ordea, absolbitu egin zuen. Bi gazteak aske daude jada.
Argiako Lander Arbelaitz kazetariak grabatutako bideo honetan ikus daiteke Apalategi herri harresitik atera duten unea.
Bideoa: Argia / Lander Arbelaitz