Herrira: «Sufrimenduaren erruleta errusiarra eteteko garaia da»
Herrirak deitutako M18 Plazara ekimenaren barruan, elkarretaratzeak egiteaz gain, eskuorriak banatu eta adierazpenak egin dituzte euskal presoen arazoa gizarteratzeko eta bake eszenatoki baten alde egiteko. Martxoan izandako gertakari lazgarriak ekarri dituzte gogora; bi presoren heriotzak, senideek izandako istripuak edo espetxetan jasotako jipoiak, besteak beste. Halako egoerekin amaitzeko, Herrirak konponketaren alde egiteko eskatu die Espainiako eta Frantziako gobernuei, eta espetxeak hustutzeko ordua dela nabarmendu du. «Heriotza gehiago ez egoteko eta sufrimenduaren erruleta errusiarra eteteko garaia da», adierazi dute gaur egindako mobilizazioetan.
M18 Plazara ekimena hiru aldarrikapen hauek oinarri hartuta egin dute: euskal presoak Euskal Herriratzea, gaixotasun larriak dituzten presoak libre uztea, espetxe zigorraren luzatzearekin amaitu eta bizi osorako espetxe zigorra eragiten duten neurrien derogazioa eta pertsona bezala presoei dagozkien giza eskubide guztien errespetua. Mobilizazioetan ardatz hauek oso presente izan dituzte; Grosen, Kataluinia plazan egindako ekitaldian, kasu.