Lagun Arok jipoi galanta jasota agur esan dio denboraldiari eta, beharbada, ACB Ligari (100-67)
Lagun Aro Gipuzkoa Basketek jipoi galanta jaso du Madrilen, liderraren kantxan (100-67). Ligako azken partida jokatu dute donostiarrek, eta porrot mingarriarekin esan diote agur denboraldiari eta, beharbada, ACB Ligari. Hain zuzen ere, azkenaurreko postuan amaitu dute Sito Alonsok zuzendutako jokalariek; hots, jaitsiera postuetan. Hala ere, oraindik ACB Ligan mantendu daitezke bulegoko lanek emaitza ekarriz gero. Izan ere, Urrezko LEB Ligatik igotzeko diren taldeek arazo ekonomikoak dituzte eta baliteke maila gorenean jokatzeko beharrezkoa duten dirua ez biltzea. Erabakia ekainaren 15ean jakinaraziko dute; bitartean, inork saihestu ezean, Lagun Aro Urrezko LEB Ligako taldea da, jaitsiera erdietsi eta gero.
Duela bi aste jaitsi ziren donostiarrak matematikoki. Agian, horregatik, jokoan ezer ez egon izanagatik, ez dute Real Madrilen aurka beharrezkoa den tentsioarekin jokatu. Ez dute inongo aukerarik izan, bigarren laurdenetik aurrera batipat. Lehen laurdenean nahiko parekatua zegoen partida (18-14), baina hurrengo minutuetan Real Madrilen joko erauntsia etorri da, hiruko jaurtiketetan lortutako portzentaia onak oinarri. Atsedenaldian aldea handia zen dagoeneko (45-28).
Finley eta Doblas izan dira onenak Gipuzkoa Basketen. Lehenengoak 14 puntu lortu ditu eta bigarrenak, 12 puntu eta 11 errebote. Real Madrilen puntuak oso banatuak egon dira, baina, jokalari bat nabarmentzekotan, hori Sergio Llull izan da, 17 punturekin.


