Aparkalekuen murrizketa, kamioien joan-etorria eta pasabidea, auzotarren kezken artean
Udalak Egiako auzotarrekin izandako bilerara jende andana hurbildu da, Atotxako autobus geltokiko lanek eragingo dituzten kalteak jakin nahian. Egia kultur etxeko bilera aretoa lepo bete dute bertaratutakoek. Galderen artean, obrek iraun bitartean aparkalekuei dagokienez egingo duten murrizketa izan da kezka iturri nagusienetako bat. Auzotarrek proposatu dute, lanek iraun bitartean, egoiliarrei zuzendutako zonaldea zabaltzea, bertakoek aparkatzeko lekua izan dezaten. Mugikortasuneko zinegotzi Jon Albizuk erantzun du aukeren artean dagoela hori, eta aztertuko dutela.
Beste kezketako bat kamioien joan-etorria izan da; hau da, obran ibiliko diren kamioiek eragin ditzazketen kalteak. Teknikoek adierazi dute hauek Frantziako pasealekutik sartuko direla eta Federico Garcia Lorca pasealekutik irtengo direla, Txomin Enearuntz ziurrenik; han abian izango den hirigintza lanetan hondakinak uzteko, alegia.
Egiako pasabidea ere hizpide izan dute; lanen ondoren nola geratuko den galdetu dute egiatarrek, hain justu. Udal ordezkariek esan dute, egungoa iluna eta luzea denez, motzagoa izango dela eta kristalezko egitura izango duela, kanpotik zaindu ahal izateko.


