Arratsaldean Karmengo Amako bidea irekiko dute
Lanak, bizilagunen eskarien arabera egin dituzte; bideak, bi errail, espaloia eta bidegorria izango ditu.
Donostiako Udalak jakinarazi duenez, Karmengo Amako bidearen lanak amaitu ditu eta arratsaldean zehar irekiko dute bertako bidea. Azaldu dutenez, bizilagunek partaidetza prozesu baten ondorioz erabakitako diseinuarekin egin dute lana. Bideak orain, bi errail, espaloia eta bidegorria izango ditu.
Bide berri hau eraikitzeko ardura Euko Trenbide Sareari zegokion, topoaren bikoizketaren ondorioz proiektatutako bidearen parte baita. Baina Eusko Jaurlaritzako Garraio Departamenduak gehienez 300.000 euro inbertitzea erabaki zuen 2011an eta errepidea errail bakarrekoa izatea, espaloi eta bidegorririk gabe, bere proiektuak zehazten zuenaren arabera. Udalak azaldu du, ezin zuela “egoera hori onartu”, bizilagunen beharrei erantzun duinik ez ziolako ematen. Lanen aurrekontua 189.959,26 eurokoa izan da, BEZ barne.
Bi hilabeteko lana
Martxoaren 19an hasi zuten lana, sarbiderako aglomeratuaren ezarpenarekin eta ondoren espaloia eta bidegorriaren lanak egin dituzte. Gainera, hornikuntza lanak ere egin dituzte. Bestalde, seinaleztapena jarri dute eta eskudel eta argiteria baita ere. Bidearen gehienezko zabalera 7,10 metrokoa da eta minimoa 6,30 metrokoa.

