Atotxako autobus geltokiak 23 nasa eta 600 autoentzako aparkalekua izango ditu, lau solairutan banatuta
Udalak Atotxako autobus geltokiari buruzko bilera egin du Egia kultur etxean, auzotarrei lanek eragingo dituzten kalteak bertatik bertara azaltzeko eta, bide batez, etorkizuneko azpiegituraren ezaugarrien berri emateko. Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuen zinegotzi Nora Galparsorok eta Mugikortasuneko zinegotzi Jon Albizuk hartu dute hitza, Alfonso Vazquez eta Rafael de Acha teknikariekin batera.
Autobus geltokia nolakoa izango den esan dute, azalpenez lagunduta. Orotara, 23 nasa eta 600 autoentzako aparkalekua izango ditu, lau solairutan banatuta. Lanek 27 hilabete iraungo dute; hots, bi urte eta hiru hilabete. 2015eko abuzturako amaituta egotea espero dute. «Bi urteko obra bat denez, nahita ez kalteak eragingo ditu. Guk ahal dugun guztia jarriko dugu gure aldetik, bai teknikoki eta baita informatiboki ere, kaltea gutxitzeko», esan du Nora Galparsorok.
Lanen ondorioz, aparkatzeko 204 toki kenduko dituzte Norteko tren geltokiaren ingurutik. Era berean, zenbait bide mozketa egingo dituzte. Maria Kristinako zubia, esaterako, bi astez egongo da itxita udan eta lau astez, zenbait egunetan, abendua eta urtarrila bitartean. Hori bai, Albizuk esan du euren lehentasuna zirkulazioan ahalik eta enbarazu gutxien eragitea izango dela eta, horregatik, obra guztia gauzatzen duten bitartean Frantziako eta Federico Garcia Lorca pasealekuak irekiak egongo dira.
Bestalde, zenbait autobus lineatan aldaketak egingo dituzte. Gros-Amara, Altza-Gros-Antigua-Intxaurrondo eta Rodil-Zorroaga lineen autobus geltokia zertxobait atzeratuko dute, lanei tartea egiteko. Gipuzkoako Medikuen Elkargoaren egoitzaren ondoan jarriko dute hiru linea hauen geltokia.
Lanak astelehenean hasi ziren eta, RENFErekin adostutako azken izapide baten faltan, datozen astetan hasiko da obra gordinena.


