Danbor Martxara deitu dute Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Egunean
Ekainaren 1ean EH 11 Kolorek antolatutako egitasmoa azaldu dute; 17:30ean irtengo da Alderdi Ederretik.
Maiatzaren 21a, Kultura Aniztasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, EH 11 Kolorek eta Donostiako Udalak bat egin dute gaurko egunarekin, udaletxeko terrazan egin duten ekitaldi baten bidez. Bertan, EH 11 Kolorek antolatutako 11 Kolor Fest ere aurkeztu dute. Hain zuzen ere, ekainaren 1ean egingo dute jaialdia, eta ekimen nagusia Danbor Martxa izango da.
Bertan, festaren eguna izango dena aurreratzeko, kolorez beteriko pertsonaia eta mozorroz beteta, festarako osatutako kantua dantzatu dute hainbatek. Ekimenaren parte diren Samira Goddi eta Xabier Mendigurenek bestalde, Danbor Martxaren harira, “Euskal Herriko kultur aniztasuna aldarrikatzeko asmoz”, pentsatutako jaialdia dela azaldu dute. Hala, egun osoan zehar hainbat ekimen egingo dituzte. Ekimen nagusia, 17:30ean irtengo da Alderdi Ederretik, mundu osoko danbor hotsen baitan. Hala, dei egin dute, herritar guztiek haien danborrekin bertan parte hartzera.
Berdintasun eta Migrazio zinegotzi Naiara Sampedrok, gaurko egunarekin ez ezik, ekainaren 1eko ekimenarekin bat egiten dutela azpimarratu du; “ekimenarekin bat egiten dugu azalean eta mamian; aniztasunaren balioa azpimarratuz, jatorri ezberdinetako kulturek argazki ederra uzten digutelako”, esan du. Gainera, azpimarratu du Euskal Herria ezin dela ulertu “aniztasun hori gabe”.
Burubeltz konpartsa, Piraten eskutik
Bestalde, Piratak mugimenduko Aritz Varela ere bertan izan da, ekainaren 1ean parte hartuko duen Burubeltz konpartsa aurkezteko. Esan duenez, Piratek deituta osatu dute konpartsa hau, eta hala, dei egin die donostiar orori bertan parte hartzera. Gaineratu du, Piratek Donostia “hainbat zentzutan” abordatu nahi izan dutela, eta horietako bat aniztasunaren aldeko abordaia izango litzatekeela.
Azkenik, EH 11 Koloreren leloa den Bai aniztasunari, gora aniztasuna! aldarrikatuz amaitu dute agerraldia.



