Darly Zoqbik Bera Bera eskubaloi taldeko atezaina izateari utziko dio
Imanol Alvarez bihar goizean aurkeztuko dute, taldeko entrenatzaile berri moduan.
Darly Zoqbi atezain brasildarrak Bera Bera Eskubaloia utziko du. Beste urtebeterako kontratua zuen taldearekin, baina beste eskaintza bat jaso du, eta klubak ezin izan du eskaintza parekatu. Beraz, datorren denboraldian Donostiako taldean ez jarraitzea erabaki du. Zehazki, Frantziako talde batek egin dion eskaintza onartu du atezainak, eta aurrekontuak jasango duen murrizketaren ondorioz, Bera Berak ezin izan du eskaintza berdindu.
Darly Zoqbik bi denboraldi egin ditu Bera Beran, eta atezain bikaina dela erakutsi du. Sekulako geldiketak egin zituen Kopan eta Ligan jokatutako azken aurreko partidan, Rocasaren aurka, besteak beste. “Bera Berak Darly Zoqbiren profesionaltasuna goraipatu nahi du, klubarekiko eta hiriarekin izan duen inplikazioa eta konpromisoa eskertu eta ibilbide berrian zortezik onena opa dio”, dio klubak zabaldutako oharrak. Zoqbik ere taldeari onena opa diola adierazi du: “Bera Berako taldekide, Reyes, Martin eta Iker, zuzendaritza eta zalegoari agur esan eta eskerrak eman nahi dizkiet, egoera ulertu dutelako. Etxean bezala egon naiz, Bera Bera bihotzean eramango dut eta banoa kirol proiektu interesgarri bat eskaini didatelako”.
Bestetik, Imanol Alvarez bihar goizean aurkeztuko dute Bidebietako kiroldegian, taldeko entrenatzaile berri moduan.


