Kirola eta euskara, Deustuko Unibertsitatean
Bihar, asteazkena, Kirola eta euskara izeneko mahai ingurua egingo da Euskal Kultur Mintegiak antolatuta. Kirol munduarekin eta euskararekin lotura estua duten gonbidatuek hartuko dute parte: Libe Altuna, Bera Bera eskubaloi taldeko jokalaria, Mikel Astarloza, Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindularia, Arritxu Iribar, Euskadi Irratiko kazetaria, eta Atsegin Odriozola, Zumaiako Telmo Deun nesken arraun taldeko kidea.
Mahai-ingurua Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean izango da, Arrupe eraikineko 004 gelan, 15:00etatik aurrera. Bertara hurbiltzen direnek aukera izango dute mahai inguruko parte hartzaileen ikuspegia ezagutzeko edo gonbidatuei galderak egiteko.
Asteazkeneko saioa irekia da, hau da, Deustuko Unibertsitateko ikasle eta langileek ez ezik, edonork parte har dezake. Izan ere, Euskal Kultur Mintegia Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko ikasle talde bat da, 2009an sortua, baina Unibertsitatetik kanpo ere ekimen ugari antolatzen dituzte, euskal kultura eta hizkuntza sustatzea dutelarik helburu.

