Udal gobernuak Kohesio Funtsaren laguntza guztiak erabiliko ditu
Diru laguntzak Marrutxipi eta Iztuetako ekaitzen urak jasotzeko biltegietan edota Bera Berako saneamentuan inbertituko dituzte.
Udal gobernuak 2007-2013 Kohesio Funtsaren laguntza guztiak erabiliko dituela jakinarazi du. Jabi Vitoria Ogasuneko ordezkariak bestalde, gezurtatu egin du diru laguntzetan 3,1 milioi euro galduko direla, PPk publikoki salatu duen bezala.Hala, hirian egiten ari diren hainbat lanetara bideratuko dituzte laguntzak.
Gaur goizean egindako batzordean ordezkariak adierazi duenaren arabera, 2007-2013 Kohesio Funtsari buruzko araudian eskatu bezala bermatuko da izendatutako laguntzaren erabilera: “Abenduaren 31 baino lehen 6.287.931 euroko gastua egitea aurreikusten dugu; %80ko diru laguntza jasoko dugu horretarako, hau da, 5.030.345 euro guztira. Hortaz, administrazio honek hiriarentzat garrantzitsuak diren obrak egiteko bidea emango dion kopuru bat jasoko du, eta obra horiek, beren aldetik, herritarren bizi kalitatea hobetzen lagunduko dute”, esan du.
Diru laguntzak Marrutxipi eta Iztuetako ekaitzetarako andelen proiektua idatzi, gauzatu eta haiei buruzko aholkularitza teknikoa jasotzeko erabiliko dira. Obra horiek exekuzio garaian daude gaur egun. Bestalde, Bera Berako saneamendua berritzeko asmoa dugu –izitazio garaian dago–, bai eta saneamendu sareko gainezkabideak hobetzekoa ere –proiektua idazten ari dira–.
Jabi Vitoriak esan du, baita ere, Udalak joan den apirilaren 30ean erantzun ziola Ogasun eta Administrazio Publikoetako Ministerioarengandik apirilaren 24an jasotako gutunari. Erantzunean, aurtengo ibilbide ekonomikoa azaldu dute eta, beraz, justifikatuta gelditu da izendatutako laguntza guztiaren erabilera.

