Urumean uholdeak saihesteko erakunde arteko batzordeak konpromisoa berretsi du
Hainbat erakundek osatzen duten batzordeak laugarren bilera egin du; hartzen ari diren neurriak azaldu dituzte.
Urumea ibaian uholdeak saihesteko sortu zuten erakunde arteko batzordeak, laugarren bilera egin du. Batzorde hau, Urumea ibaiaren arroan dauden udalerriek aldian behin sufritzen dituzten uholdeen arriskua murrizte aldera sortu zuten, neurri zehatzak adosteko helburuz hain zuzen.
Donostiako udaletxean egin dute bilera, eta bertan hurrengoek hartu dute parte: Donostia, Astigarraga eta Hernaniko Udaletako ordezkariek, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek, Eusko Jaurlaritzako eta Uraren Euskal Agentziako ordezkariek, Añarbeko Uretako ordezkariek eta, Kosten Lurralde Ordezkaritzako ordezkariek. Hauekin batera, bizilagun elkarteen ordezkaritza ere egon da.
Batzordeak ibaiaren arroan uholde arriskuak murrizteko planean jasota dauden neurriak errepasatu ditu, eta erakunde bakoitzak egiten ari den eta egin beharreko jardueren egoera azaldu du. Bileran Urumean uholdeak ekiditeko proiektu ezberdinen inguruko ekimenen egoera ere aztertu dute eta azken hiru hilabete hauetan egindako lanen egoera partekatu dute.
Hala, lehentasuna da hemezortzi ekintza neurri jasotzen dituen plana gauzatzea dutela azaldu dute, eta bide horretan batzordea osatzen duen erakundeek azkeneko bileratik gaur egun arte emandako pausoak jakinarazi dizkiote elkarri. Hurrengo bilera irailaren 23an egitea adostu dute erakunde arteko batzordea osatzen duten erakunde guztiek.
Orain artean hartutako neurriak
Hartutako neurrien artean, hainbat azpimarratu dituzte. Batetik, maiatzaren bukaerarako Loiolako ETSren zubiaren eraisketa, eta ekainean hasiko direla zubi berria egiteko obrak. Lan hauek urtebete inguruko luzapena izan dezaketela azaldu dute eta aurreikuspenen arabera 2014ko uztailean bukatuko dituztela.
Bestalde, Egiako zubiari dagokionez, ekainean aterako dituzte lanak enkantera. Gainera, Hernaniko Karabeleko zubiaren obrak ere enkantera atera dituztela eta lanak aurtengo iraila edo urrian hasiko dituztela kalkulatzen dute.
Martuteneko bideratzeari behin betiko soluzioa emateko azterketa geoteknikoak egin dituzte eta URA eta Donostiako Udalaren arteko elkarlana sustatu dute, bertako obren exekuziorako hitzarmen proposamen bat adosteko. 2014rako zubiaren ordezkapena eta ibaian gora bideratze lanak egiteko konpromisoa berretsi dute.
Txomin auzoari dagokionez, Donostiako Udalak jakinarazi du, behar diren tramite guztiak aurreratu ditu bertako lur eremuak eskuratu eta bertan egin beharreko lanak egin ahal izateko. Donostiako udal gobernuak bertako zubia eraikitzeko obrak lanen lehen fasera aurreratu beharko liratekeela adierazi du, auzoaren maila igotzeko lur ekarpenak egin ondoren.



